XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ñomoen mintzoa

Azkenean heldu da nire ordua.

Atzean utzi ditut kateak.

Hamar urte itzalean eta orain berriz kalean, inoiz baino bakarrago.

Alta, kabroi horiek ez dute nire hondamena lortu.

Hainbat zimur, tristura begietan, irrifarrea ezabatu didate agian.

Baina zerbait gehiago behar da nirekin bukatzeko.

Atzean utzi ditut borreroak eta orain eguzkiarekin topo egiten dute nire begiek.

Izan ere, ez dago alderik, zerikusirik ez kaleak duen bizia, argitasuna, patioan hamar urtetan zehar bizitakoarekin.

Gartzelan igarotakoa ez dut sekula ahantziko, bertan ikasitakoa are gutxiago. 10 urte, 120 hilahete, 3650 egun bisitarik izan gabe.

Denbora luze honetan inork ez nau izan buruan, nik ere ez dut inor bilatu.

Gizarteratua orain berriz, azkenik, lortu dut sistemaren artalde horretan sartzea.

Dena den, kaiolatik irten eta uste bezala ez dago inor nire zai.

Miseria, gosea, lanik eza eta amorrua gazte denboran; auzoko talde bat, pistolak, banku baten atraku kaxkarra, polizi baten hiltzea, ziega, amorrua oroimenean.

Baina ez dute nire heriotza lortu, nahiz batzuk nire gorputza lurperatu eta ahantzi nahi izan.

Izan ere, zerbait gehiago behar da nirekin bukatzeko.

Putiklub, diskoteka, taberna, Hotel haundi eta erosoak, dendak, kasinoa... konfort gehiegi dakusat begi aurrean.

Harrigarria, hamar urtetan hiri honek izan duen metamorfosia.

Jendeak hobetu du bizi maila gutxi batzuen kontura, hau bai, eusko labela.

Lantegi txiki eta usaintsu baten barnean nire lan egiteko gogoa azaldu diot bibotedun burusoil lodi kabroi bati.

Gartzelatik irten berria naiz bere erantzuna, ezin argiagoa ez dugu inor behar, deituko zaitugu.

Alde egin dut bertatik.

Ez dut telefonorik...

Beste batean ere saiatu naiz.

Ezinezkoa... Tabernetan ere ez naute hartu, biltegietan ezta ere, eraikuntzak egiteko ez omen da peoirik behar.

Logurea nitaz jabetzen hasia da eta goseak ez dit gauza onik pentsatzen uzten.

Okindegien usaina somatzen dut eta buru makur pasa behar umeen askari goxoen aurrean.

Gauez aldiz, katuekin bat, bisita egiten diot zakarrari.

Beti dago zerbait ahora eraman ahal izateko.

Ondoren, geltokian lo; inoiz hartuko ez dudan trenaren zai.

Miseria hitza erabil daitekeen arren, ez dago adierazpenik bizimodu hau izendatzeko.

Baina ez naute hil.

Izan ere, zerbait gehiago behar da nirekin bukatzeko.

Zorabio konstante bat bilakatu zaizkit egunak.

Ez dakit zer egin, nora jo, kalean preso, sistematik ezin ihes.

Lurrean eserita ezin tristura gehiago erakutsi.

Lotsa gainditu eta luzatu dut eskua.

Txanpon pare eskuratu ditut goiza guztian.

Eskaleen egia: komentario gehiegi, humilazio gehiegi bi txanponen truke.

Ez dago nire bihotza horretarako prestaturik.

Burua ere badudala erakutsiko diot munduari, ez dut modu horretan nire gorputza lagatuko, ahantziko.

Izan ere, zerbait gehiago behar da nirekin bukatzeko.

Asko saiatu ondoren kendu diot munipa bati pistola, baita berarekin buruan kolpatu ere.

Egunkari orrialde batean bildu eta gerturatu naiz gaztetan lapurtutako bankura.

Ez dit gomuta onik ekartzen leku honek.

Orain ez dut lagunik, ihes egiteko kotxerik, ezer prestaturik, ez karetarik... baina oraingoan ez naiz ni galtzailea izanen, ez behintzat Magnu m 45 honen jabe izan bitartean.

DENOK GELDI.

HI, UTZI ZAK DIRUA NIRE AINTZINEAN!!

Arin, buelta erdia eman eta sabela zulatu diot ene atzeko guardari.

Jendeak txunditurik begiratzen nau, ni naiz orain errege, nik daukat orain agintea...

Eskuinean daukadan putakumeak gogoz sakatu du alarmaren botoia, bildurrik gabe, agerian utzi diot nik garuna.

Diruaren bila abiatu naiz segidan baina diru gutxi dago lehiatilaren ondoan.

Idazkari eiteko gizontxo heldu batek eskua sartu du bere mahaiaren goikaldeko kajoian.

Bertze pistola baten usainak eragin dit hirugarrena tirokatu izana eta orain dirua sartu nahian eskuineko sakelean.

Alde egiteko ordua

Tamalez nire atzekaldean daukat irteera eta orduan aditzen ditut pausu hotsak; hamaikatxo gizon sartzen dira bankura, metrailetaren disdirak itsutzen nau, txakur usaina, tiroketa, ejekuzioa, lurra, odola, zorabioa, hiltzeko ordua...

Hamar urtez itzalean, giltzapetuta.

To heziketa!

To gizarteratzea!

Gehiegi sufritu dut orain arte, isilean eta dohainik lurrazaletik desagertzeko.

Hau da presondegiak erakutsi didan bakarra, sufritu eta sufriaraztea.

Atzean utzi dut gartzela, miseria, inpotentzia.

Ene aurrean, soilik heriotza...

Izan ere, asko behar izan da nirekin bukatzeko.